Euskaltegi IKA Bortziriak

Información > Historia

1984-1985 ikasturtetik ari gara helduei euskara irakasten Bortzirietan. AEKren izenean hasieran, eta IKA sarean koordinaturik 1989ko ekainaz geroztik, euskaltegi sare horren sorreratik beretik. Euskaraz, Ikas eta Ari. Horixe izan zen 1989ko irailean IKAko euskaltegiek egin zuten kanpainan erabili zen eslogana eta hitz horiei zor die izena euskaltegi sareak: Ikas eta Ari, IKA.

1991n hasi zen Matxinbeltzenea proiektua  Lesakan izen bera duen etxean. Lau ikasturtez,  urte osoan izan zen bertan barnetegia, baina 94-95eko ikasturtean Eusko Jaurlaritzak Nafarroan kokatua zegoela argudiatuz diru-laguntza kendu zuenez, itxi behar izan zuen urte osoko jarduera eta udako hilabeteetara mugatu.

Ikas eta Ari, horixe da gure helburua: euskaraz ariz ikastea, eta euskaraz aritzeko ikastea. Euskal hiztunak lortzera bideraturiko metodologia baita gurea, eskolak euskara hutsean emanez ahal den jende gehiena euskaldundu nahi baitugu, ikaslea ahal bezain bizkor egunerokoan euskaraz aritzeko gauza izan dadin.

Azken batean, herria euskalduntzea dugu helburu, herritarrari euskara ongi irakatsiz eta euskaraz mintzatzeko aukera ugari izan dezan ahaleginak eginez. Horrela baizik ez baitu aurrera egingo euskarak: euskara ikasiz eta euskaraz mintzatuz. Beraz, euskaraz, ikas eta ari.

 

IKA Bortziriak · Arretxea , 22 (Matxinbeltzenea) · 31770 Lesaka (Nafarroa) · Tel. 948 63 77 96